Goierri Gorrik Añorgan aurrera hartu zuen berdinketarekin baina azkenean konformatu behar

Javi Urola
Javi Urola

2016-11-23 goierrigorri.eus

 

Bigarren astez jarraian puntu bat lortu du jardunaldi honetan Euskal Ligako taldeak. Oraingoan etxetik kanpo, Añorgako berdegunean banako berdinketarekin amaitu zen partida.

 

Sailkapenean ihes ez egiteko garrantzitsua zen etxekoak hiru puntuekin ez egitea eta horren jakitun zelairatu ziren gorriak. Lehen minutuetan partidan sartuta zeuden Goierri Gorrikoak, zelaiaren neurrietara egokitzen. Jokalari gutxirekin joan zen ordea Koldo Zaldua partidara, eta hasi eta berehala albiste txarra. Ane Leizeagak berdegunea utzi behar izan zuen min hartuta. Aldaketa bakarra zuen horren ondoren aulkian baina ez zien eragin honek. Markagailuan aurrea hartzea ere lortu zuten goierritarrek, Ane Lopezen hanketatik etorri zen gola. Atsedenera markagailuan aurrea hartuta joan ziren, baina bueltan berdinketako gola egin zuen Añorgak Marta San Adrianen bitartez.

 

Saiatu ziren Goierri Gorrikoak berriro aurrea hartzen markagailuan, baina indarra falta zitzaien azkenerako eta aukerak gutxitzen joan ziren. Banako markagailuarekin amaitu zen ondorioz norgehiagoka.

 

Puntuak hirunaka biltzen hastea da hurrengo pausua gorantz joan nahi izanez gero. Bederatzigarren dira eta aurrera egiteko aukera Igartzan izango dute larunbat arratsaldean, arerioa Elorrio.Añorgak, Bizkaian izango du hitzordua, larunbat arratsaldean baita ere, aurkaria Erandioko Betiko Neskak izango dute.