Anaitasunak porrot gogorra jaso zuen Usabalen

Argazkia: CD Anaitasuna
Argazkia: CD Anaitasuna

 

2018ko azaroaren 21a / cdanaitasuna.eus

 

Bosgarren minuturako bi eta huts galtzen ziren neskak Tolosako Usabal zelaian. Txapelketako beste talde gogor bat izan zuten aurrean gorrixek, eta joaterako ziren jakitun gauzak oso ondo egin beharrean izango zirela Usabalen punturen bat batu nahi baldin bazuten. Nahiz eta emaitza kaskarra izan, maila ona erakutsi zuten gureek, bereziki bigarren zatian.

 

Azken asteetan bezala, Tolosaren aurka ere hasi eta berehala jarri zitzaien neurketa aldapan gora neskei. Seigarren minuturako bi eta huts ziren markagailuan atzetik. Lehen gola defentsan egindako huts batetik etorri zen, eta bigarrena, zelai erdian Anaitasunaren aldeko falta behar zuen jokaldi batetik. Epaileak ez zuen ezer adierazi, ordea, eta kontraerasoa etxekoek bikain baliatu zuten bigarrena egiteko.

 

Bi eta hutsekoarekin Anaitasunak gora egin zuen. Tolosarrak ondo mugitzen zuten baloia jokoa antolatzerakoan, eta baloiaren jabetza etxekoena izan zen. Anaitasunaren atzeko lerroak, ordea, defentsa lan serioa egin zuen taldean. Kontraerasoan aukerak ere izan zituzten gorrixek, baina azken pasean kamuts ibili ziren eta golaukera garbiak sortzea kostatu egin zitzaion taldeari. Arratiaren aurkako gidoiaren antza handia izan zuen Tolosaren aurkakoak. Atsedenaldira iritsi aurreko jokaldian gola jaso baitzuen atzo ere Anaitasunak. Gureek egindako beste akats batetik etorri zen etxekoen hirugarrena.

 

Aldageletatik bueltan, baina gure neskak borrokatzeko gogoz zeudela erakutsi zuten. Partida alde batera uzteko edo botatzeko intentziorik ez zuten gureek. Baloiaren jabetza handiagoa izan zuen Anaitasunak lehen zatiarekin alderatuta, eta orduan sortu ez zituen aukera garbiak ere izan zituzten. Maider Badiolak langara egindako jaurtiketa, esaterako. Tolosak, ordea, bigarren zatian izan zuen aukerarik garbienean lau eta hutsekoa egin zuen. 78. minutuan egin zuten etxekoek arratsaldeko euren azken gola. Minutu gutxira, 81. minutuan, Eneritz Garate zelairatu berriak lau eta batekoa egin zuen Irantzuren erdiraketa errematatuta.

 

Datorren asteburuan Pauldarrak taldea jasoko dute neskek, Txerloian. Pauldarrak sailkapeneko liderretako bat da. Defentsan talde sendoa da, sei gol baino ez baititu jaso orain arte jokatutako neurketetan. Golegileena da, gainera. Neurketa bakoitzean, batezbeste 3 gol baino gehiago egin ditu. Gorrixek puntuak beharrezkoak dituzte azken postuetan ez erortzeko.

 

Golak: 1-0 Bengo (2’), 2-0 Izaro (5’), 3-0 Bengo (45’), 4-0 Izaro (78’), 4-1 Eneritz (81’).