Anaitasuna markagailua iraultzeko gai izan da bigarren zatian eta ahoa bete hortz utzi du Mariño

ANAITASUNA - Argazkia: Javi Urola
ANAITASUNA - Argazkia: Javi Urola

2018ko irailaren 15a - cdanaitasuna.eus

 

Anaitasunak bi aurpegi erakutsi ditu Mariñoren aurkako neurketan. Lehen zatian ez du aurkitu erosotasunik zelaian bere jokoa sortu eta aurkariari min egiteko. Halere, 17. minutuan, epaileak Maider Badiolari Mariñoko atzelari batek egindako penaltia adierazi du. Maiderrek bikain borrokatu du baloia, eta azken unean atzelariari baloia lapurtzea lortu du. Irundarren atzelariak Anaitasunako aurrelaria zangotrabatu du Maider lurrera botaz. Ainhoa Galarraga kapitainak bota du penaltia, baina Mariñoko atezainak gelditu ona egin du.

 

Egoera horren ostean, Anaitasunak ez du aurkitu biderik. Aukera gutxi izan dira, eta zelai erdian baloi asko galdu dituzte. Hutsegite horien bitartez lortu du Irungo taldeak abantaila lortzea, 32. minutuan eta 34. minutuan bi gol lortu dituzte Raquelen eskutik. Egoerari buelta eman nahian, Anaitasunak baloia oinetan hartzea behar zuen, baina ez zuten lortzen. Atsedenaldira iritsi aurretik, baina, Maider Badiolak markagailuko aldea murrizteko gola lortu du. Gol horrek biziberritu du taldea, eta bigarren zatira beste pentsamolde batekin zelairatzeko balio izan die neskei.

 

Aldageletatik bueltan, Anaitasuna goitik behera nagusitu da San Juan zelaian. Buruarekin, aurkariaren zelaian paseak bata bestearen jarraian eginez eta aurkariari zapalduz borobildu dute bigarren erdia. 51. minutuan, Maria Juaristik lortu du gola area barruan Maider Badiolaren oinetatik jaso duen pasea baliatuz. Handik hamar minutura, Maider Badiolak lortu du gorrixen aldeko hirugarren gola talde jokaldi on bati amaiera ezin hobea emanez. 73. minutuan, berriz, Leire Ucinek lortu Anaitasunarentzako garaipena ziurtatu duen gola. Zelairatu berria zen Ucin berdegunera, eta ezker hegaletik erdiratzen hasi denean ate barrura bidali du baloia. Golak lasaitasuna eta ziurtasuna ekarri du nesken taldera.

 

Garaipen ona lortu dute neskek etxeko lehen partidan. Aurkaria baino gehiago izan da taldea, eta justizia egin da San Juanen. Pixkanaka-pixkanaka aurtengo urterako behar dituzten kontzeptuak barneratuz doaz neskak, eta gaurko garaipenari jarraipena emateko asmoz jarraituko dute lanean datorren astean. Zapatuan, 18:00etan, C.D. Elorrioren aurka jokatuko dute hurrengo jardunaldian.

 

Golak: 0-1 Raquel (32’), 0-2 Raquel (34’), 1-2 Maider Badiola (44’), 2-2 María Juaristi (51’), 3-2 Maider Badiola (62’), 4-2 Leire Ucin (73’).

MARIÑO - Argazkia: Javi Urola
MARIÑO - Argazkia: Javi Urola