Merezi ez zuen porrota jaso Anaitasunak Elorrion

2018ko irailaren 23a - cdanaitasuna.eus

 

Markagailuan atzetik jardun behar izan zuten uneoro neskek, eta denboraldiko bigarren porrota jaso dute.

 

Partida gogorra eta serioa jokatu zuten Elorriok eta Anaitasunak, Elorrioko Eleizalde Futbol Zelaian. Penalti bidez hartu zuten aurrea etxekoek, baina atsedenaldira iritsi aurretik gorrixek neurketa berdintzeko gai izan ziren. Atsedenalditik bueltan, Anaitasuna ondoen ari zenean, Elorriok bi eta batekoa egin zuen eta gol horrek gure neskei gauzak asko zaildu zizkien. Halere, berehala lortu zuten binakoa egitea hamaika metrotatik. Gureen hutsegite bat bikain baliatu, azken minutuetan lortu zuen Elorrioko taldeak garaipenaren gola.

 

Hasiera ona eman zion taldeak neurketari. Elorrio eta Anaitasuna pare-parean ari ziren jokatzen. Gureak indartsuago zelairatu ziren eta etxeko taldeari hiru puntuak eskuratzera joan zirela azaldu zion bi iritsiera on eginda. Taldea geldikako jokaldietan zein jokoan etxekoei min egiteko gai izan zen. 24. minutuan, ordea, Elorriok hartu zuen aurrea Eleizalde zelaian. Eskuin hegaleko hegaleko sake batean bira ematen hasi zen etxeko jokalari bat, eta gureek area barruan aurkaria zangotrabatu zutela esanda, epaileak Elorrioren aurkako penaltia adierazi zuen. Bizkaitarrek ez zuten hutsik egin hamaika metrotako jaurtiketatik.

 

Neskek ez zuten bururik jaitsi egoeraren aurrean, eta lehen zatian ikusitakoa ikusita justuena berdinketa zenez, golaren bila joan ziren. Nahiz eta baloia ondo mugitu, ez zuten zelaiaren osotasuna askotan baliatu. Barrutik gehiegi ari zen jokatzen taldea, eta aurkariari min egiteko gakoa hegaletan zegoen. 38. minutuan, halere, Maiderrek markagailua berdintzeko gola egin zuen area ertzetik. Indar eta amorru handiz jaurti zuen baloia atera, eta zutoina ukitzetik zentimetro gutxira joan zen baloia atepera. Pozarren ospatu zuten gola neskek zelaian eta aulkian.

 

Banako emaitzarekin hartu zuten bi taldeek aldageletarako bidea. Atsedenalditik bueltan, irabazteko gai zirela ikusita, pazientziaz eta arduraz hiru puntuak lortzeko zelairatzea erabaki zuen taldeak. Taldeak ondo hasi zuen bigarren zatia, baina ondoen ari zirenean etxekoen bigarren gola jaso zuen Anaitasunak. Berriz ere hegaleko sakean min egin zieten neskei. Hutsegite handia egin zuten gureek eta Miren Odriozola atezainaren aurrean gelditu zen Elorrioko jokalari bat. Odriozolak ez zuen ezer egiterik izan bi eta batekoa ekiditeko.

 

Berriz ere markagailuaren eta aurkariaren aurka aritu behar izan zuen Anaitasunak. Ez zen denbora askorako izan, 65. minutuan Ainhoa Galarragak Maider Badiolari adierazitako penaltian gola egitea lortu zuen eta. Handik minutu gutxira, gainera, Anaitasuna aurretik jartzetik gertu izan zen erdilaria. Falta jaurtiketa atera ederki bideratu zuen Galarragak, baina etxekoen atezainak eskua luzatuta ekidin zuen bi eta hirukoa.

 

Azken minutuetan zen neurketa eta dena irekia zegoen. Aukera eta arriskatzeko gutxi zuten bi taldeek. Bi taldeek binakoarekin ez zuten euren burua larri ikusten, baina atezainaren sake luze batean iritsi zen gola. 84. minutuan, baloiak nesken defentsen azken lerroa gainditu zuen. Elorrioko aurrelariak argi eta bizi jarraitu zuen jokaldia eta Odriozola atezaina irteten ari zela ikusi zuenean atezainaren gainetik jaurti zuen baloia atera. Libe Urtzelai erdiko atzelaria saiatu zen baloia atepetik ateratzen, baina ez zen hiru eta bikoa ekiditeko gai izan.

 

Neskek ohartu behar dute xehetasun txikiak garesti ordaintzen direla Euskal Ligan. Elorrioren aurkako norgehiagoka hiru detailetan joan zitzaien, eta argi geratu da oker gutxien egiten duenak irabazteko asko duela. Datorren astean etxeko bigarren neurketa jokatuko dute Euskal Ligako Neskek. Zapatuan 15:45etik aurrera, Goierri Gorri taldea jasoko du Anaitasunak.

 

Golak: 1-0 Itsasne, 1-1 Maider, 2-1 Itsasne, 2-2 Ainhoa, 3-2 Itsasne.