Garaipen garrantzitsua lortu du Anaitasunak Derion

2018ko urriaren 7a - cdanaitasuna.eus 

 

Anaitasunak denboraldiko bigarren garaipena lortu du, Derion. Lehen zatian ondo nagusitu ziren zelaian gorrixek, baina aldageletatik bueltan asko sufrituta zaildu egin zitzaien neurketa. Jaso zuten golaren ondoren garaipenaren bila joateko grina erakutsi zuten neskek eta bost minuturen faltan lortu zuten garaipenaren gola.

 

Pozarren ospatu dute neskek denboraldiko bigarren garaipena. Merezitako hiru puntu eskuratu zituzten atzo, zapatua, Derioko Ibaiondo zelaian. Lehen 45 minutuetan gehiago izan zen Gorka Zubizarretaren taldea, atzean ondo eta aurrean oso zuzen eta arriskutsu aritu ziren gorrixek.

 

Goizo hartu zuten aurrea, gainera, gure neskek. Bederatzigarren minutuan, eskuin hegaleko falta izan zuen Anaitasunak. Irantzu Albizurik atera jaurti zuen, baina ez zitzaion oso indartsu atera jaurtiketa ezker jokalariari. Maider Badiolak jaurtiketaren unean atea zeharkatu zuen eta atezainak begibistatik galdu zuen baloia horrela. Irantzuren jaurtiketa zuzenean ate barrura joan zen. Denboraldian lehen aldiz, markagailuan aurretik jartzea lortu zuen taldeak.

 

Huts eta batekoarekin gureak ez ziren kikildu. Ez zuten talde joko handirik egin, zuzen aritu ziren bi taldeak, baina Anaitasuna eraginkorragoa izan zen. Derioko atzelari batek atezainari egindako pasean euren atean gola egitear izan ziren bizkaitarrak, atezaina labaindu egin baitzen. Irantzuk bere bigarren gola egiteko aukera ere izan zuen. Atezainaren oinen artetik jaurti zuen baloia, baina etxekoen atzelari batek atera zuen atepetik azken unean. Etxekoek ere eman zuten ezusteko txiki bat edo beste.

 

Bigarren zatiko lehen minutuetan Anaitasunak ez zuen lekurik aurkitu zelaian. Etxeko jokalariak sendo eta amorru biziz zelairatu ziren, eta 63. minutuan banakoa egitea lortu zuten. Gure atzelarien bizkarrera egindako pase batean aurrelaria azkar ibili zen baloia kontrolatu eta Oihana atezainaren gainetik gola egiteko. Aurrelariaren jokoz kanpoko posizioa nabarmena izan zen, baina epaileak legezkoa izan zela adierazi zuen, Derioren gola onartuz.

 

Banako emaitzarekin suspertu zen berriz ere Gorka Zubizarretaren taldea. Baloi denbora luzeagoan izan zuen oinetan, pazientzia handiagorekin aritu ziren neskak. Etxekoek presioa ere ez zuten modurik onenean egin eta zelai erditik aurrera espazio handiak aurkitu zituzten gorrixek. Gehiagi erakutsi gabe iritsi ziren azken minutuetan neskak Derioren area ingurura, eta 85. minutuan Leire Ucinek atezainaren aurkako lehia irabazi zuen. Hamar metro inguruko korrikaldia eginda, area barruan sartu zen aurrelaria. Etxekoen atepeko neska Leiregana irteten hasi zen, baina Ucinek alde batera egin eta eskuinez ate barrura bidali zuen baloia. Bat eta bikoarekin neskek gertu ikusi zuten garaipena eta gogotik ospatu zuten gola aulkian. Azken minutuetan ondo kudeatu zuten denbora neskek eta ez ziren estuasunetan sartu.

 

Neurketa bere osotasunean hartuta, merezitako garaipena eskuratu zuten gureek Derioko Ibaiondo zelaian. Datorren asteburuan Oiartzun B taldea jasoko du Anaitasunak San Juanen. Zapatuan jokatuko dute denboraldiko seigarren neurketa gorrixek eta etxeko bigarren garaipena eskuratzea izango dute helburu. 15:30ean hasiko da norgehiagoka.

 

Golak: 0-1 Irantzu Albizuri (9'), 1-1 Irati Azkona (63'), 1-2 Leire Ucin (85').