Garaipenak azken minutuan ihes egin zion Anaitasunari

Argazkia: Joakin Sudupe
Argazkia: Joakin Sudupe

 

2018ko urriaren 13a - cdanaitasuna.eus

 

Neurketa gogorra jokatu zuten Anaitasunak eta Oiartzunek San Juan zelaian. Hasi eta berehala maldan gora jarri zitzaien neskei Oiartzunen aurkakoa. Taldeak erantzun bateratua ematen jakin zuen eta aurkariari neurria hartzean nagusitu egin zen zelaian. Bigarren erdia ez zen bete-betea izan gorrixen partetik, eta une askotan Oiartzun eroso sentitu zen Anaitasunaren zelaian. Neurketa amaitzeko hamar minutu falta zirela aurrea hartu zuen Anaitasunak, baina neurketaren luzapenean oiartzuarrek binakoa egin zuten.

 

Neurketaren hasieran eta amaieran jaso zituen golak Euskal Ligako Nesken taldeak. Modurik gogorrenean hasi eta kolpe handiagoarekin amaitu zuten partida gure neskek. Minutua pasa eta segundo gutxira egin zuen Oiartzunek huts eta batekoa. Oiartzuarrek areara erdiratu zuten baloia ezker hegaletik. Gureak gaizki kokatuta zeuden defentsan, eta baloiak atzelarien lerroa gaindituta, Amaia Agirrek area barruan bakarrik jaso zuen baloia. Indartsu amaitu zuen jokaldia, eta Oihana Aranbarri atezainak ezin izan zuen ezer egin. Oihanak, gainera, beroketa amaitu baino minutu batzuk lehenago mina hartu zuen ezker eskuan. Hori horrela, hasi eta gutxira aldaketa egin behar izan zuen Gorka Zubizarreta entrenatzaileak. Miren Odriozola zelairatu zen bere lekuan.

 

Markagailuan atzetik zirela, baina golaren ostean esnatu egin zen taldea. Zelaian gehiago ziren eta aurkariaren zelaira ondo iritsi ziren. Halere, garbitasun handirik ez zuen erakutsi jokoan. 27. minutuan egin zuen Anaitasunak banakoaren gola. Maider Badiolari Oiartzunen ate-eremua baino metro batzuk atzerago egindako falta bikain baliatu zuen Ainhoa Galarragak. Falta jaurtiketa giza-hesiaren gainetik barrura bidali zuen erdilariak. Goraino beteta zegoen San Juan zelaian gogotik ospatu zuten gola gure jarraitzaileek. Atsedenaldiaren aurretik, gainera, aurretik jartzeko pare bat aukera izan zituen Irantzu Albizurik, baina jokaldiak bukatzeko orduan gogortasuna falta izan zitzaion.

 

Bigarren zatian guztiz aldatu zen neurketa Anaitasunarentzat. Oiartzunek maila bat gorago ekin zion neurketari, beste intentsitate eta erritmo batekin; gureak noraezean aritu ziren minutu askoan. Futbol nahasia jokatu zuten bi taldeek, eta oiartzuarrak gehiago izan ziren gogortasunean.

 

Aukera gutxi egin zituen taldeak, oso gutxi, baina 80. minutuan eskuin hegaletik erdiratutako falta batean Anaitasuna aurretik jarri zen. Maria Juaristik Ainhoa Galarragaren falta erdiraketa buruz ate barrura bidali zuen. Ezer asko egin gabe, aurretik zen taldea. Azken minutuetan, Oiartzunek abisua eman zuen; asko hurbildu zen Miren atezainaren area ingurura, eta falta jaurtiketa bi zutoinen aurka ere bidali zuten beste jokaldi batean. Luzapeneko bigarren minutua betetzear zela, ordea, berdinketaren gola egin zuen Amaiurek. Kanpokoek euren zelaitik areara zintzilikatutako baloi batean ez ziren fin ibili gure neskak, eta langa jo ostean aldaratzea aprobetxatu zuten oiartzuarrek binakoa egiteko.

 

Azken minutuko gola kolpe handia zen taldearentzat. Ikusitakoagatik eta talde bakoitzak erakutsitakoagatik, justizia egin zen San Juan zelaian. Datorren asteburuan Hernaniren aurka jokatuko dute gorrixek, Hernaniko Zubipe zelaian. Zapatuan 16:00etan hasiko da neurketa. Etxetik kanpo orain arte erakutsi duten joko eta maila ona berresteko aukera izango dute Gorka Zubizarretaren neskek.

 

Golak: 0-1 Amaia Agirre (2’), 1-1 Ainhoa Galarraga (27’), 2-1 María Juaristi (80’), 2-2 Amaiur (91’).