Betiko garaipenaren bidera itzuli zen Anaitasunaren berdinketa katea hautsiz

2018ko azaroaren 2a / cdanaitasuna.eus / LFF

 

Anaitasunako neskek azken asteetako berdinketa katea hautsi dute, baina ez nahi zuten moduan. Emaitzak erakusten duenaren aldean berdintasun handia izan zen Erandioko San Lorenzo zelaian, baina denboraldiko laugarren porrota jaso zuten. Lehen zatia amaitu aurreko azken jokaldian jaso zuten gola neskek. Bigarren zatian oldarkorrago agertu zen taldea eta berreskuratutako baloietatik aurkariari min egiten asmatu zuen. Erasoko egoera horiei ez zien probetxurik atera, ordea, eta Betikok azken minutuetako bi kontraerasotan bi gol egin zituen.

 

Hasiera hasieratik ikusi zen San Lorenzo zelaian lehia estua, gogorra eta borroka handikoa jokatuko zutela Erandioko Betiko Neskak taldeak eta Anaitasunak. Lehen zatiko aukerarik onenak, gutxi, etxekoenak izan ziren. Bi taldeek aurkariari goitik egin zien presioa, eta talde biek izan zituzten arazoak jokoa atzetik sortzeko eta aurreratzeko. Nola Erandioko Betiko Neskak taldeak, hala Anaitasunak aurkariaren zelaian ostutako baloietatik egin zuen arrisku gehien.

 

Guren neskak atsedenaldian pentsatzen ari zirela, ordea, talde bizkaitarrak bat eta hutsekoaren gola egitea lortu zuen. 44. minutuan, ezker hegaletik bikain irten zen erasora Erandioko taldea gure atzeko lerroa aurrean harrapatuta, eta area barrura erdiraketa eginda etxekoen Jennik buruz baloia sareetara bidali zuen.

 

Kolpe latza izan zen Anaitasunarentzat. Bigarren zatian neurketa irekia izatetik ate bat itxita aurkitzera pasa baitzen taldea segundo gutxian. Bizkaitarrek itxitako atea botatzeko ilusioz zelairatu ziren azkoitiarrak bigarren erdira, eta bigarren zatia gorrixena izan zen. Intentsitate eta gogortasun handiagoz aritu ziren neskak, eta aukera batzuk egin zituzten.

Anaitasunak inertziaz egin zuen gora, baina Erandioko Betiko Neskak taldeak gorrixek atzean utzitako espazioak baliatzen jakin zuen erasoko jokalari guztiekin. Oihana atezainak gelditu on bat ere egin zuen markagailua bat eta hutsekoarekin zela. Anaitasunak, bere partetik, hegaletatik min egiten asmatu zuen. Aretha zelairatzearekin batera aurrean ordura arte falta zen sua piztu zuen taldeak eta Maria Juaristik lagunduta aukera bat baino gehiago sortu zituen taldeak. Korner erdiraketa batean ere gertu izan zuten gola neskek.

 

Azken ordu laurdenean arriskuak hartu zituen Anaitasunak, eta atzean neska bat gutxiagorekin aritu zen. Erandioko Betiko Neskak taldeak ederki probestu zuen aukera hori eta 78. minutuan eta 87. minutuan, bi kontraerasotan, beste bi gol egin zituzten. Bigarrena Jennik egin zuen ateizanaren aurkako buruz burukoan, eta hirugarrena Uskik, bakarkako jokaldi batean.

 

Golak: 1-0 Jenni (44'); 2-0 Jenni (78'); 3-0 Uski (87').