Athletic eta Erreala urteko lehen tituluaren bila

20 de Agosto de 2015 - errealekoneskakeu.blogspot.com/Ane Urkiri


Esanahi handiko garaikurra

 

Helburu bikoitza duen txapelketaren finalaren atarian, ilusioz mintzo dira antolatzaile zein jokalariak. Euskal derbiak beti gordeko du hainbeste gustoko dugun areriotasuna, aurredenboraldian jokatu arren. 

 

«Udako neurketarik garrantzitsuena».

Halaxe dio Zarautz Kirol Elkarteak kaleratutako afixak. Urtetik urtera prestigioa areagotzen doan txapelketaren finala jasoko du Asti futbol zelai zarauztarrak, Euskal Herriko Koparena hain zuzen. Reala eta Athletic nor baino nor arituko dira larunbatean 11:30etatik aurrera, V. edizioko garaikurra etxera nork eraman erabakitzeko asmoz.

 

«Guztiok irabazi nahi dugun garaikurra da», onartu du Aintzane Encinas Realeko kapitainak. Ilusioa ez da falta talde txuri-urdinean. Aurreko denboraldi kaskarra ahaztu eta hasieratik beraien gaitasuna erakutsi nahi dute. Eta lehen geltokia Euskal Herriko Kopako finala izango da. «Sasoiko lehen titulua da, finalean gaude eta irabazi nahi dugu», ohartarazi du donostiarrak. Eta era berean mintzatu da Irene Paredes Athleticeko atzelaria. «Garrantzitsua izan ohi da taldea sendotzeko», zehaztu du zuri-gorriak.

 

Kike Zurutuza, Euskal Herria Kirola erakundeko kidearen aburuz, txapelketa honek aurredenboraldiari gainbalio bat eransten dio. Denboraldi aurreko lagunartekoen egunerokotasunetik atera, eta titulu bat bereganatzeko aukera daukate Athleticek zein Realak. Aurredenboraldia izanik, Zurutuzak berriki jokatu den gizonezkoen Espainiako Superkoparekin alderatu du: «Ez dauka zerikusirik baina hasiera batean karga sinbolikoa zuen garaikurra zen hura eta pixkana indarra hartzen joan da. Gurea ere bide beretik doa».

 

Garaipena edozeinen gustokoa izan ohi da, eta bi euskal taldeen helburu nagusia garaikurra altxatzea da, zalantza izpirik gabe. Balio erantsia duen txapelketa da. Edo hori islatzea gura dute antolatzaileek. Ez da edonolako titulua. Eta are gehiago, udan txapelketa asko jokatzen direla jakitun izanik. Garaikurrez betetzen dira kluben apalak. COTIF lehiaketa dela, beste herri bateko txapelketa dela... Horietan ere guztiek nahi dute garaipena, ez garaikurra bere horretan apalean gorde nahi dutelako, baizik eta gauzak ondo doazela egiaztatzeko. Euskal Herria Kirolakek esanahi horretatik urrundu nahi du. «Euskal Herriko Kopak bi xede nagusi ditu, emakumezkoen futbola bultzatzea eta Euskal Herriaren eremua irudikatzea», azaldu du Zurutuzak.

 

Athleticek, hain zuzen, asteazkenean L’Alcudian jokatzen de COTIF txapelketa bereganatu zuen finalean Valentzia garaitu ostean (0-1), baina amaitu bezain laster Euskal Herriko Kopa prestatzen buru belarri arituko direla aitortu du Irene Paredes defensa zuri-gorriak. Logroño eta L’Alcudian lehiaketa bana jokatu dute bizkaitarrek eta bietan garaile izan dira. Hau da, pare bat garaikurrekin itzuli dira Bizkaira. Baina Euskal Herriko Kopa, txapelketa bera, berezia dela ezin du ukatu, «eta are gehiago finala, titulu bat da eta hori eskuratzeko gogor borrokatuko dugu», ohartarazi du legazpiarrak.

 

«Azkenean gure kopa propioa da, eta orain dela bost urte arte ez geneukan horrelakorik», adierazi du Encinasek. Beraz Euskal Herria Kirola erakundearen lana hitz onez baloratzen du Realeko kapitainak, kopa hau guztiontzat onuragarria dela gaineratuz: «Emakumezkoen futbolaren bisibilitatearentzat, txapelketa bat gehiago daukagulako eta gure lurraldean kirol honek zer esana eman dezan». Irene Paredesek ere esker hitzak besterik ez ditu Euskal Herria Kirola erakundearentzat, bide onetik dabiltzala gaineratuz. «Gero eta ikusle gehiago gerturatzen dira Kopako partidetara, eta bereziki finalera», ondorioztatu du Athleticeko jokalariak.

 

Jokalari zein klubek asko preziatzen duten garaikurra da. Badaezpadako zalantzak uxatze aldera, «finalean jokalarien kemena ikusi besterik ez da egin behar inporta zaiela ohartzeko», azpimarratu du Euskal Herria Kirola erakundeko kideak. Erakundea, berari dagokionean, ahalik eta giro onena jartzen saiatzen da, txapelketa bera festa bat izan dadin. Eta horren erakusle dira ospaturiko bost edizioak. Azken honen lehenengo fasean Oiartzun eta Athleticen arteko finalerdietako lehia Hendaian jokatu zen, «eta partidu interesgarri bat ikustearekin batera, ikusleek giro apartaz gozatu ederra hartu zuten», dio Zurutuzak.

 

Festa ere garrantzitsua baita hitzordu honetan, ikusle gehiago bereganatzeko asmoz. Amets Arzallus bertsolaria eta David Zurutuza futbolaria Hendaiako partiduan egon ziren. Eta iaz, esaterako, finala Bilboko jaietan jokatu zen hiriburu bizkaitarrean; konpartsa, Marijaia, txupinera eta pregonero eta guzti, Aste Nagusiko ekitaldi bat bailitzan. Partiduak, bestalde, ez zuen emozio handirik izan eta ikusleek behintzat jai giroaz gozatzeko parada izan zuten. «Ea ikuskizun polita eskaintzen dugun, behintzat», dio Encinasek. Jakitun da, eta gogora etorri zaio, iazko norgehiagoka. Etsipenez dio ez zela espero zuten bezalako lehia izan. Baina, era berean, Liga txapelketan talde bizkaitarrari aurre egiteko gai direla behin eta berriz erakutsi dutela helarazi du, «nahiz eta emaitzek hori ez islatu». Euskal Herriko Kopa bat eskuratu du Realak eta gainontzeko hirurak Athleticek. Hori horrela, eta nola edo hala 'justizia' egiteko, «saiatuko gara alde hori berdintzen, izan ere bi taldeon artean ez dago emaitzek adierazten duten hainako aldea», dio donostiarrak.

 

Dena den, emaitzen gorabeherak axola bazaie ere –nola ez-, ondo dakite garrantzitsuena emakumezkoen futbolak protagonismoa izatea dela, «eta gauza asko aldarrikatzea, txapelketa honetatik abiatuz», azpimarratu du donostiarrak.

 

Zarautzen elkartasuna

 

Euskal Herriko Kopa ospatzerakoan garrantzitsuak dira partiduak beraien zelaietan jasotzeko prest agertzen diren herriak. Asko izaten dira, eta Euskal Herriko probintzia guztiek beraien protagonismoa izaten saiatzen dira erakundeko kideak. Oihartzuna euskal lurralde guztietara heltzeko. Aurten, adibidez, finala Gipuzkoan izanik, finalerdiak Hendaian eta Berriozar jokatu ziren ekainean.

 

Egia da, eta Zurutuzak onartu du, azken bi urteetan aurrekontuaren murrizketa eta taldeen egutegia tarteko, txapelketa motzagoa egin dutela. Baina aurreko hiru edizioetan zortzi parte hartzaile zeuden, beraz zazpi partiduak leku ezberdinetan jokatu ziren. Finalak, ostera, Gipuzkoa eta Bizkaiaren artean banatzen dira. Bi bizkaian eta aurtengoa hirugarrena lur gipuzkoarretan.

 

Zarautzek emango die ongi etorria Euskal Herriko bi talde onenei (hala erakusten dute orain arteko emaitzek). «Hasieratik Zarauzko Kirol Elkarteak izugarrizko prestutasuna adierazi zuen, lehen unean sartu zen emakumezkoen futbola bultzatzeko nahiak eraginda. Izan ere, bere garaian talde indartsu bat zuen Zarautzek», onartu du Zurutuzak. Aldi berean, kirol elkarte zein udalaren laguntza eskertu nahi izan du.

 

Esker hitzez mintzo da Laura Gomez futbolari ohia ere. Bere jaioterrian jokatuko da finala eta antolatzaile lanetan aritu da oraingoan. Euskalduna izanda ere, ez du inoiz Euskal Herriko Kopan parte hartu, hein handi batean 2008tik iaz futbola utzi arte Bartzelonan jokatzen egon baita. Gomezen apalean falta den garaikur bakarra da Euskal Herrikoa, eta etsipenez mintzo da. Baina, era berean, antzerako esanahia duen Kataluniako Kopa lau alditan eskuratu du zarauztarrak. «Katalunian izugarrizko gogo eta ilusioarekin bizitzen da txapelketa, eta hurbileko arerioa aurrean izanez gero, are gehiago», onartu du Gomezek, han ere ia beti Bartzelona eta Espanyol iristen baitira finalera (hamar edizioetan bederatzi aldiz errepikatu da). Horregatik, hain zuzen, ez dauka zalantzarik larunbateko euskal derbian betiko areriotasuna egongo denik, «eta beti egongo da». «Aurrendeboraldiarekin ahaztu eta garaikur hau lortzen saiatuko dira, gero Liga txapelketa ahalik eta hoberen hasteko», azaldu du.

 

Laura Gomezek argi dauka zergatik animatu zen Zarautz final hau jasotzera: «Emakumezkoen futbola asko babesten du, bai udalak eta bai kirol elkarteak. Zaleak Astira hurbildu eta egun berezi honetaz disfrutatzeko modu bat da eta, bide batez, jokalari onak akzioan ikusteko parada izango dute». Benetako arrakasta, maila handiko lehia ikustearekin batera, futbol zelaiko harmailak betetzea izango dela adierazi du, baina horretarako «publizitate asko egitean dago koxka».

 

Publizitate handiena edo onena, agian, Zarautzko harrobitik irtendako jokalarien itzulera izango da. Biek Athleticeko elastikoa eramango dute soinean, Irene Paredesek zein Maite Lizasok Zarauztik egin zuten jauzi Lehen Mailara (Realera). Asti futbol zelai berezia dela aitortu du Paredesek eta asko poztu zen finala bertan jokatzen zela jakitean: «Niretzat etxe moduko bat da, oroitzapen oso onak ditut eta, gainera, jokatzeko asko gustatzen zaidan zelaia da».

 

Ez dira Zarauzko harrobitik atera diren maila oneko jokalari bakarrak. Zerrenda luzea osatu genezake, asko Realean aritutakoak. Horietako bat da Gomez bera ere eta arrakasta horren giltza klubaren lan bikaina dela adierazi du. Orain urte batzuk Bigarren Mailan zegoen talde zarauztarra: «Asko kostatu zitzaigun Bigarren Mailara igotzea, eta urteen joan etorrian nabaritu dut beherakada egon dela, baina ziur naiz berriro beraien lekuan egoteko lanean jo eta ke ari direla».

 

Entrenatzaile berriak aulkian

 

Betiko taldeak aurrez aurre egongo diren arren, ezberdintasun nabariekin iristen dira lehia honetara. Biek 'estreinatzen' dute entrenatzaile bana. Honek sistema zein taktiken aldaketak dakarrela kontuan izanik, bi talde ezberdin ikusteko aukera izango du. Ezezaguntasun puntu bat nabaritu dute bata zein besteak arerioarekiko, jokalariak bere horretan ondo baino hobeto ezagutu arren.

 

Igor San Miguelen gidaritzapean dago Reala. Andorra estreinatu zen talde txuri-urdinaren aulkian eta ezin hobeto gainera. 2-0 gailendu ziren AEM Lleidaren aurka (Bigarren Mailako taldea). «Aukera asko sortu genituen eta beraiek oso gutxi», zehaztu du Realeko kapitainak. Baina Aintzane Encinas joan zen ostiralean Tarbesen (Frantzia) jokaturiko nabarmendu du. «Frantziako gorengo mailako talde baten aurka jokatu genuen, eta sentsazio onak izan genituen, aukerak sortzeaz gain defentsan ere sendo agertu ginen», azaldu du. Oro har, sentsazio onekin dabiltzala ondorioztatu du.

 

Dena den, aurredenboraldia den heinean, akatsak zuzentzeko tartea daukate eta horretan dabiltza, «xehetasunak» ere zuzentzen. «Egoera berrira egokitu behar gara, taldearen profila eraikitzen gabiltza eta gauzek nola funtzionatzen duten ikusten», azaldu du. Bestalde, fitxaketa dezente egin ditu talde gipuzkoarrak eta «guztiok ezagutzen gabiltza».

 

Beste aldean, Athleticen aulkian, Joseba Agirre eseriko da. Realean bezala, Athleticen ere aldaketa aunitz eman dira baina, dena den, multzo trinkoa mantentzen da. Esperientzia handiko jokalari askok jarraitzen dute, baina aurtengo sasoian gaztetxoenek (bigarren taldetik igotakoek) beraien protagonismoa izatea espero da. Aldaketa horietara moldatzen dabiltzala adierazi du Irene Paredesek, aurredenboraldia eta jokatutako txapelketak horretarako direla nabarmenduz.

 

Gaur arte, garaipenek apaindu dute zurigorrien denboraldi aurrean. Sei lagunarteko jokatu dituzte (bi txapelketetan banaturik) eta guztietan garaile izan dira bizkaitarrak. Logroño, Mulier, Levante, Nambiako selekzioa, Espanyol eta Valentzia hartu dituzte mendean. Lehen Mailako hiru arerioen aurka irabaztea bide onetik doazenaren seinaletzat hartu daiteke. «Momentuz taldea sentsazio oso onekin dago. Gauzak pixkanak irtetzen dabiltza eta beraz, pozik gaude», azaldu du Paredesek.

 

Larunbatean, beraz, aurreneko titulua eskuratzeko borrokan arituko dira Reala eta Athletic. Nor baino nor 11:30etan Zarauzko Asti zelaian. Bizkaitarrek aldea handituko dute edo gipuzkoarrek balantza berdindu? Kike Zurutuza zein Laura Gomezek ez dute inolako pronostikorik egin nahi izan. «Orain bertan oso berdinduta ikusten ditut bi taldeak, beraz partidu ikusgarria ikusi eta harmailetan giro ona egotearekin konformatuko naiz», esan du sendotasunez. Aintzane Encinas zein Irene Paredesek beraien taldeen aldeko apostua egin badute ere, ados daude Gomezek dioenarekin. “Ea ikusle asko gerturatzen diren eta, behintzat, ikuskizun polit bat eskaintzen dugun”, helarazi du Encinasek. Harmailak jendez gainezka ikustea gustatuko litzaioke Paredesi, «kopak merezi duen esker ona litzatekeelako».